Aitatasuna eta Gizartea

Manex Agirre: “Gizartetik ez dago presiorik aita arduratsuak bultzatzeko”

2017-12-27
AITEI IHESERAKO ESKUBIDEA ONARTZEN ZAIELA ZIOEN MANEX AGIRRE BERTSOLARIAK (ARAMAIO, 1982) BERRIA-KO ZUTABE BATEAN: «ETA ZUK, ZER, EZ AL DUZU MENDIAN KORRIKA HASI BEHAR? EDO BIZIKLETAN KILOMETROAK EGITERA JOATEKO ASMORIK EZ DUZU? BI UME HAZTEN ARI ZARA, 35 URTE INGURU... ORAIN DA UNEA. BESTELA, ARRARO BEGIRATUKO DIZUTE...». GENERO ARRAKALARI EGOZTEN DIO ARDURAK BATZUEN BIZKAR ETA PRIBILEGIOAK BESTEREN ESKU LAGATZEA. HORREN AURREAN EGUNEROKO ARIKETA EGITEN SAIATZEN DIRA UR ETA XUNEREN ZAINTZAN LIBE RAMILA ETA BIAK.
  
  
Manex Agirre: “Gizartetik ez dago presiorik aita arduratsuak bultzatzeko”

Iritzi emaile asko aitak izanagatik ez da gizonezkoen testuetan oso ohikoa gurasotasunaz, zaintzaz, hazieraz... idaztea. Zuk ordea idatzi duzu, besteak beste Iheserako pribilegioa zutabe gogoangarria. Zergatik uste duzu dagoela halako isiltasuna, eta ostera, zuk zergatik idatzi izan duzu aitatasunetik? 
Berria-n astero idazteak esan nahi du beti ibili behar duzula gai bila, eta guk orain familian daukagu 2 urteko bat eta 4 urteko bat, eta gure bizitza goitik behera aldatu du. Inebitablea da niretzako gai hori aipatzea. Saiatu izan naiz aitatasunetik eta gizonezko izaeratik apur bat ihes egiten eta zaintzari buruz modu espezifiko batean berba egiten, justu zuk aipatu duzun artikulua da salbuespena. 
Zuri inebitablea zaizu... baina beste askori ez zaie...
Nik bi kontu ikusten ditut. Alde batetik, ikusten bada zaintzaren gaia, normalean emakumeak dira horri buruz idazten dutenak. Eta hori genero bereizketa historikoaren ondorioa da, zaintzaren eta arduren kontua emakumeei egotzi diegu gizonezkoek, eta emakumeak askoz kontzienteagoak dira eta iritzi formatuagoa daukate, hasteko. Baina hala ere, generoaren ikuspegia alde batera utzita, orain dela urte gutxira arte, familiako zaintzaren gaia ez da zerbait erakargarri moduan ikusi, ez dugu ezer eduki kontatzeko horren inguruan, ez da gai bat izan, egunkarietan iritzi artikulu bat idazteko gai. Orain dela hamarkada baten bueltan hasi da agertzen prentsa espezializatutik kanpo gizarteko gai garrantzitsu moduan. 
Zaintza gogoetarako gaitzat hartzearekin badu loturarik aitak ardurak hartzen hasi izanak? 
Arduratsuaren adjektibo hori gizonezkooi jartzen zaigu, aldiz, emakumeek, ematen du, berez dakartela arduratsu izatea, ama dira eta ulertzen da amaren kategoriaren barruan datorrela ardura. Hori zergatik da? Betidanik emakumeak arduratu izan direlako zaintzaz eta orain, salbuespenak salbuespen, ematen du buelta emateko iniziatiba batzuk badaudela, nahiz eta  iniziatiba horiek guztiz pribatuak diren. Ekimen pertsonalak dira, familian egiten duzun hitzarmen konkretu bat, gizartetik ez baitago inolako presiorik ardurak partekatzeko eta aita “arduratsuak” bultzatzeko.
Zer da zuretzat aita arduratsua izatea? 
Nik eduki dezaket buruan ideia bat, baina hori erakutsi egin behar da, eta hori egunerokotasunean erakusten da. Gu etxean saiatzen gara ardurak partekatzeko ariketa egiten. Ez da lanak konpartitzea bakarrik, lanak konpartitzearena beste kontu bat da, ez da ardurak hartzea. Konturatu izan gara etxean, nire bikotekidea lanean dagoenean eta ni haurrekin nagoenean, egin beharreko gauza gutxiago egiten ditudala umeekin. Adibide zehatz bat: umeei azazkalak moztu behar zaizkiela, ba niri ez zait irteten. Eta Liberi, nire bikotekideari, bai. Eta ohitura hori barneratuta daukagu eta lan hori berak egiten du beti, eta horrelako gauzak beti berak egiten ditu.
Noizean behin honi guztiari buruz berba egiten dugu, baina igual gehiagotan egin beharko genuke: “begira, hau zergatik da? Eta beste honekin zer?”. Horretan saiatzen gara, eta arduratsu izatea igual hortik dator, ariketa kontziente hori egitetik. 
Eta oraindik ere konturatzen naiz, familiaren egunerokotasuneko pisurik handiena berak eroaten duela, ez dugu lortu ardurak partekatzea eta ez dakit lortuko dugun. Beste faktore batzuk badaude: nik berak baino lan jardun luzeagoa daukat, eta hortik aparte bertsotan egiten dut eta etxetik kanpora denbora gehiago pasatzen dut berak baino.
Orduan, Manex, zuk ere baduzu iheserako pribilegioa?
Bai. Badaukat bai. Uko egin nion haurra jaio zenean, pare bat urtez bertsoak utzi egin nituen, ikusten nuen gure unitate familiarrak eta horren ondorioz nik gehiago galtzen nuela irabazi baino. Umeak txikiak direnean nik behintzat umeekin egon gura dut, eta gainera lan egin behar da, lagundu egin behar da eta ardurak hartu behar dira. 
Niretzako bertsolaritza aisialdirako jarduera bat da, hori argi eta garbi. Ez da ez nire bizibidea, ez nire ofizioa... nire lanetik aparteko gauza bat da, eta niretzako ihes egiteko modu bat da, bai. 
Gizonezkoek nahi al dute iheserako pribilegio hori utzi? 
Gizonezkooi berezko bezala aitortzen zaigu aiton ihes egiteko beharra; suposatu egiten zaigu iheserako aukera daukagula, ardurak ez hartzekoa. Amei aukera hori ez eskaintzea dakar horrek. Oso maiztasun handiz ikusten dut ume txiki bat daukan ama bat umerik gabe bakarrik dagoenean beti galdetzen diotela “eta umeak?”, eta aitei ez digute galdetzen. Gure maskulinitate zorioneko honekin loturik, aitatasunaren ia-ia ezaugarri innato bat dela ematen du bakarrik egoteko aukera. 
Gizonezkotasuna, maskulinitatea aipatu duzu... gizonezko izateko modu hegemonikoaz hausnartzera behartu zaitu aitatasunak?
Bai, duda barik. Aurretik ere buelta batzuk eman dizkiot gaiari, baina aitatasunak indartu dit pila bat gaiari bueltak ematea. Genero banaketa argia bada gizartean, zaintzak banaketa hori ia-ia  amildegi bihurtzen du. Emakumeei eta gizonei zaintzaren ikuspegitik ematen zaien tratua oso diferentea da eta familia ekartzen duzunean mundura, distantzia hori asko handitzen da gizartearen begietara. 
Gizon hegemonikoaren trajean emozioek ez dutela kabidarik esaten da... Esparru horretan zuri zer ekarri dizu zaintzak?
Oso ikuspegi interesantea irudi-tzen zait zaintzak dakartzan onurei buruz hitz egitearena, zaintza beti-beti hartzen baitugu sakrifizio moduan eta oso-oso gutxitan aipatzen dira ekartzen dizkigun onurak. 
Norbere egoei eta egoismoei egurra emateko ariketa bat da beste pertsona bat zaintzea, zure buruari apur bat gutxiago begiratzen erakusten dizu. Eta hori, nik uste dut denontzako dela onuragarri. 
Ikusten duzu umea hazten eta harrotasun sano bat ere ematen dizu; zuk ikusten duzu zuk badaukazula paper bat ume horren hazieran eta bizitzan eta hori satisfazio handia da. Eta emozionalki nik ikusi dut lehen baino errazago hunkitzeko gaitasuna daukadala. 
Eta zaintzaren gaineko hausnarketatik datorren jardun intelektualerako zer onura ekarri dizu zaintzak? Ze gero eta gehiago, bada bertsotarako gai zaintza...
Bai, emakume bertsolariek zorionez sekulako lana egin dute azkeneko urteetan. Baina gizartean nagusi den joera hor ere ikusten da, zaintzari loturiko gaiak emakumeak tartean daudenean ia-ia beti daude presente, eta gizonak tartean daudenean, aitatasuna oso anekdotikoa da.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ENSEÑARLES A SABER GANAR Y PERDER.

SIEMPRE SON L@S HIJ@S DE L@S DEMÁS

ENSEÑA A L@S NIÑ@S EL VALOR DE LAS COSAS, NO EL PRECIO