Nola hezi nahi ditugu haurrak?

Nola hezi haurrak egoki? Hori da guraso askoren kezka, baita hezkuntzan inplikaturik dauden agenteena ere (irakasleak, hezitzaileak, administrazioa...). Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da guraso eta eskolen arteko harremana. Nolakoa da gaur egun duten harremana? 
Edurne Galindez. Guraso batzuek bere seme-alaben hezkuntzan duten inplikazioa egokia da. Dirudienez, arazoa da beste batzuk ez direla bileretara joaten eta hain zuzen guraso horien haurrekin dago arazoa. 

Imanol Zubizarreta. Nik bi plano bereiztuko nituzke: batetik, gurasoek indibidualki hartuta duten jarrera, eta bestetik, kolektibo bezala egiten dutena. Indibidualki, orokorrean, parte-hartzea kolektiboarena baino handiagoa da. Maila horretan oro har jarrera ona da, baina denetik dago, noski. Ikasturteko lehen bilerara guraso asko hurbildu ohi da. Gero, urtean zehar kopurua asko jaisten da eta hor ikusten da nortzuk duten jarrera positiboa. Kolektibo bezala hartuta, harreman horretan hutsune handia ikusten dut, parte-hartze txikiagoa. 

Luis Mari Elizalde. Gurasoen parte-hartzea inoiz baino zabalagoa dela uste dut. Hala ere, ziur asko ez da izango eskolako profesionalek nahiko luketena. Dena den, gurasoen parte-hartzeaz galdetzean erantzuna askotarikoa da: guraso batzuk izugarri, gehienak txukun eta badira bakan batzuk, sarritan premia gehiena dutenak, agertzen ez direnak. Tutoreek askotan esaten dute hori, bilerara agertu ez dena hor beharko zenukeen huraxe dela. Legez hala agindua dagoelako, baina ez horregatik soilik, eskolak eszenatoki izugarri zabala eskaini die gurasoei parte hartzeko. Gure garaian aita edo ama eskolara deitzen bazuten, kuotak ordaindu gabe zaudelako edo gaiztakeriaren bat egin berri zenuelako izaten zen. Gaur egun, berriz, hori normalizatua dago, baina askotan ez gara konturatzen gauzak zenbateraino aldatu diren, onera gainera. 

Marisol Uria. Familia eta eskolaren arteko harremanak alderdi askotatik bizi izan ditut eta oso sentsazio ona daukat. Harreman oso sano eta zabalak daude. Partaidetza kontzeptua ikaragarri aldatu da. Eta ez nuke esango txarrerako izan denik. Partaidetza mota asko dago, gero eta gehiago, familia motak ere gero eta anitzagoak direlako. Eskolak ere ezberdinak ditugu: herrietakoak, hirietakoak... Adinaren arabera ere asko aldatzen da familia eta eskolaren arteko harremana. Gure gizartean dagoen erakunde goxoena, samurrena, baketsuena da eskola. Gurasoek, eskolan egiten diren bilera zabal horietaz gain, eskola hobeto ezagutzen dutenean deskubritzen dute bertako giroa. Gurasoak diodanean, familia bere zentzu zabalean hartu nahi nuke. Irakasleek ulertzen dute familia dela haurraren ardura duen edozein heldu: aitona, amona, izeba, osaba, bizilaguna... Harreman mota asko dago: haurra eramatera joaten dira eskolara, bere bila itzultzen dira, telefonoz deitzen dute gaixotu dela esateko eta jangelan geratu ote daitekeen galdetzeko, tutorearekin bilerak egiten dituzte, gelan zerbait azaltzera joaten dira... Bide normalak irekita daude eta zerbait berezia gertatzen denean, bide horiek izanda, errazago konpontzen dira. Ia egunero eskolak eta familiak elkar ikusten dute, elkarren berri izaten. Gure eskolak, gainera, erritualez jantzitako erakundeak dira: Gabonetako jaialdia, antzerki eguna, euskararen astea, ikulturartekotasun astea... Aberastasun handia dago. 

Imanolek esan duena egia da. Mundu guztia ez dago besoa altxata guraso elkartean sartzeko zain, abstrakzio puntu handia eskatzen baitu, baina laguntza eskatzen denean, gauza pragmatiko eta zuzenak eskatzen direnean, partaidetza zabalagoa da. 

Partaidetzarako aukerak daudela diozue, baina aukera horiek baliatzen al dira? 
E. Galindez. Guraso batzuek ez dakite zein punturaino inplika daitezken eskolan. Ateak irekita daude, parte-hartze mota ugari dago, baina komunikazioan egon daiteke arazoa. Batzuek ez dakite aukera horiek nola erabili eta horretarako bi norabideko komunikazioa behar da, hortik abiatu behar da. Eskolatik familiara informazioa bidali behar da, «modu honetan edo beste honetan parte har dezakezu» esanez. Alderantziz ere, familiak eskolari hainbat gauza jakinarazi behar dizkio. 

I. Zubizarreta. Ados nago. Irakasleak kexu dira gurasoak ez direlako inplikatzen eta gurasoak, aldiz, eskolatik informaziorik ez dutelako jasotzen. Gurasoak ez gara jabetzen eskola barruan dauzkagun aukerez. Esaterako, teorikoki eskolaren ardatza den hezkuntza proiektua ez lukete soilik irakasleek egin behar. Eskola kontseiluak, organo gorenak, onartu behar du eta, beraz, gurasoek badugu zeresanik. Baina bide hori ez da erabiltzen. Askotan, proiektuetan-eta, hitz potoloak erabiltzen dira, gurasoentzat zaila den terminologia, eta gauzak oso landuta eramaten dira kontseilura. Gurasoak, orduan, onartu besterik ez du egiten. Eztabaida falta da. 

L. M. Elizalde. Tutoreak giltza garrantzitsuak dira hor. Eskolarekiko lotura zuzena eskaintzen diete gurasoei, batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Gure seme-alabekin harreman handiena duen profesionala da. Ikasturteko hasierako bilera nola egiten duen, zein konfiantza edo komunikazio puntu lortzen duen... horren baitan zabaltzen edo ixten dira ateak sarritan. 

Kontseiluak aipatu dira, organo gorenak, guraso elkarteak... eskoletan gurasoen parte-hartzea formalizatzen denean, ikusten da oso guraso gutxik ordu asko sartzen duela eskolan. Han sartu eta harrapatuta daude: batzordeak, bilerak... eskolako kontuetan beti. Hauen profila jende jantziarena da, lizentziatuak izan ohi dira eta asko eta asko irakasle. Gainerako gurasoek zera pentsatzen dute: «Hor sartzen banaiz, ez naiz gauza izango eta gainera egun osoa hor pasa beharko dut». Gurasoek ikusi behar dute badirela aukerak ekarpen txikiak egiteko, eskolaz neurrian interesatzeko eta ez goitik behera profesionalizatu eta, Imanol bezala, arratsaldero han aritzeko. Ikusi behar duzu han egoteko ez duzula munduko pertsona interesgarriena izan behar, ez dituzula bost duroko hitzak bota behar. 

M. Uria. Ni gustura nago, irakasleek ikusten dutelako familia bakoitzaren estiloa ulertu egin behar dela haiekin hitz egiteko. Bakoitzak zein balio dituen, zein hezteko estilo duen, zein harreman duen haurrekin, zer pentsatzen duen bere seme-alabetaz. Irakaslea berehala konturatzen da gurasoak bere umea ezagutzen duen edo ez, ulertzen duen edo ez, berarekin hitz egiten duen edo ez. Irakasleak hausnarketa hauek egiten ikusten ditut. 

Eskola eta familiaren arteko harremana birtuala ere bada. Bi dimentsiotan gertatzen da hori. Batetik, eskola batzuk hasi dira familiarekin web orrialdeen bitartez harremanak izaten. Joan-etorri bat badago eta berrikuntza proiektuak badaude. Halaber, eskolak eta familiak badute beste harreman eremu bat, eskolaz edo familiaz kanpo; nik parkea esaten diot. Zure umeak eskola batera eramatean eskola horrek harreman sare bat sortzen du. Sarritan guraso koadrilak eskola dela medio eratu dira. Bikote gazte askok ere ez dute auzo bizitza egiten umeak izan eta eskolara bidali arte. Elikadura bikoitza dago hor eta harreman horiek ez dira ez eskolan ez familian izaten, kalean baizik. Ondo, gaizki edo erdizka baina eskolaz hitz egiten dute, euren kezkak ateratzen dituzte eta elkarrekin konpontzen dituzte; elkarrekin ikasi egiten dute. Haurra bera ere beste harreman eremu bat da. Familia eta eskolaren arteko harremana eman daiteke elkar ikusi gabe ere, haurra dela medio. Familiak badaki haur horrek zer egiten duen eskolan, eta jakingo ez balu, erne. Umea bera funtzezko interlokutorea da. Ez da objektua, subjektua baizik. Guraso-eskola harremana sarritan gaizki badoa umea objektu bezala tratatzen ari direlako izan daiteke. Eta familia-eskola-ikaslea harremana izanik egoera gaindi daiteke. 

L. M. Elizalde. Marisol esaten ari zenaren ildotik pentsatzen ari nintzen ziur aski sekulako aldea egongo dela eskola handi eta txikien artean. Eta eskolaraino dagoen distantziak ere eragina izango du. 

I. Zubizarreta. Eskola urrun duen haurra etxetik goizeko 08:00etan ateratzen da eta ez da arratsaldeko 20:00ak arte itzultzen. Beraz, bere bizimodua auzoz kanpo egiten du. Kaleko harremanak, astean zehar behintzat, ez ditu. 

M. Uria. Hor guraso elkarteek lan handia egiten duzue, Imanol. Auzolana da eta horri eutsi behar zaio. Nik ez nuke profesionalizatuko. Kobratu gabe laguntzeko prest ez bagaude eta bezero bezala soilik kokatzen bagara, kontuz. Eskolak bezero hutsak ez ditu oso ondo bizi. 

E. Galindez. Hori lotuko nuke lehen esan duzunarekin, Marisol: haurra bitartekari dela. Garrantzitsua da haurrak sentitzea bi testuinguruen partaidetzaren erdian dagoela eta sentitzea, halaber, elkarlan hori beregatik dela. Haurrak hori sentitzen badu, gurasoen inplikazioa ona dela esan dezakegu. Hori da lortu behar dena. 

M. Uria. Eskolaz kanpoko jarduerak, kirola... hor sare izugarria dago. Eskola gehienetan %90-95ak hartzen du parte.

I. Zubizarreta. Beste eskolekin harremanetan jartzen dira gainera. 

L. M. Elizalde. Horrek bidea ematen dio bere lanbideagatik-edo astean zehar aukerarik ez duenari larunbata aprobetxatzeko. 

E. Galindez. Eta horrela komunitateko beste agente batzuk ere inplika daitezke, ez soilik familia eta eskola. 

I. Zubizarreta. Oro har, gurasook ez dugu denborarik. Egun guraso askok urrun du lantokia, pisu bat erosteko derrigorrez bi soldata behar dira... gauza hauek guztiak kontuan hartu behar dira gurasoen partaidetza txikitzen ari dela diogunean. Partaidetza txikitzeak ez du esan nahi interesik ez dagoenik, baldintzatuta gaudela baizik. Horregatik da garrantzitsua asteburuan ere sare bat izatea. 

Familia aniztasuna aipatu duzue lehen. Familia bakoitzak bere hezkuntza irizpideak ditu. Irizpide horiek eskolaren irizpideekin bat ez datozenean, arazoak sortzen al dira? Nola lortu adostasuna? 
E. Galindez. Irakasle askoren zalantza horixe da: noraino sar ote daitezkeen familiako arazoetan, gurasoen eredu hezitzaileetan. Gero norbanakoak hartzen ditu bere erabakiak. Nire ustez, eskola, irakaslea edo tutorea ezin da sartu familiako arazoetan, horiek konpontzea ez baita bere helburua. Irakaslearen helburua haurraren hezkuntza da. Eta horretarako gurasoen laguntza behar badu, horrela eskatu behar du. Eredu hezitzaile ezberdinak daude, baina familia mota ezberdinak ere bai: guraso homosexualak, banandutakoak... 

I. Zubizarreta. Gero eta gehiago gainera. Hor garrantzitsua da bai familiak bai eskolak garbi izatea zein balio transmititu nahi dituen. Haurrak eskolan balio batzuk eta etxean beste batzuk ikusten dituenean sortzen da arazoa, umea galduta ibiliko da. Balioetan ados jarri behar dugu eta eskolak eta familiak, biek, balio berak landu. 

L. M. Elizalde. Nik, berriz, horretan ez dauzkat gauzak hain garbi. Oso normala da hainbeste jenderen artean denak bat ez etortzea, ñabardurak egotea. Kolektibo oso zabala da gurasoena. Eta irakasleen artean ere normala da, askotan 25, 40 edo 60 lagun baitira. Dena den, adostasunera iristeko ahalegina egiten da. Lehen Imanolek ikastetxeetako hezkuntza proiektua aipatu du eta adibide polita da. Ondo egiten denean hausnarketa sortzen du eta horren ondorioz finkatzen dira oinarrizko nortasun ezaugarri batzuk, oinarrizko irizpide batzuk... Gurea den eskola denon artean egiten dugu eta badago kontsentsu puntu bat. Baina handik aurrera 200, 300 edo 400 guraso dagoen tokian estilo ezberdinak egoteak ez nau kezkatzen. Irizpideetan kontraesanak daude, baina bizimodua ere horrelakoxea da. Haurrak jaiotzen denetik eragin asko ditu eta eredu bat baino gehiago, ziur. Diferentziak ez du kalterik egiten berez, konparatzeko aukera horrek heldutasunari mesede egin diezaioke. Txarrena nire ustez eskolak zein familiak balio bat formulatu eta gero beste bat bizitzea da, haurrari eskatzen dioguna geure buruari ez eskatzea. Horrek bai sortzen didala kezka. 

I. Zubizarreta. Eredu ezberdinak gauza bat dira eta balioak beste bat. Hainbat balio, elkartasuna edo laguntasuna esaterako, derrigorrez landu behar dira, bai eskolan, bai familian. Gainera, kontuan hartu behar da hor dutela telebista, beste "irakasle" bat. 

M. Uria. Indar handiko "irakaslea". 

E. Galindez. Hor funtsezkoa errespetua da. Balioak ezberdinak badira, irakasleak iritzi bat badu eta gurasoek beste bat, elkar errespetatu behar dute. Umeak hori uler dezake eta oso aberasgarria izan daiteke. 

L. M. Elizalde. Besteen ahalegina indargabetu gabe, etxean irakaslea desakreditatu gabe eta alderantziz. 

I. Zubizarreta. Baina kontrako balioak badira oso zaila da hori. Ezberdinak badira bai, baina kontrakoak... 

M. Uria. Arazoa, Luis Marik esan duen bezala, praktikan dago. Balioetan ados jartzea ez da zaila; orain, balio horiek praktikan ba ote dauden aztertzen hasten garenean kontraesanak ikusten ditugu. Orduan, zer egin sentimendu ezberdinekin? Gehienbat sentimenduak izaten baitira, gurasoek eta eskolak zerbait gertatzen denean ezberdin sentitzen dutela, alegia. Familia eta eskola gai baldin badira elkarrekin hitz egiteko eta "hala sentitzen naiz", "gauzak horrela ikusten ditut" esateko, gauza gehienak konponduko dira. Desadostasuna ulertzen saiatu behar dugu. Hain justu, konpondu gabe geratzen diren aferak, haur bakartien, egoera latzen inguruan izaten dira. Guraso bakarra, gaindituta dagoena... Sare gabeko egoerak, finean. 

E. Galindez. Askotan gurasoen parte-hartzea bideratzeko erarik onena familiaren beharretatik abiatzea da. Aipatutako kasu horietan, agian familia horiek ez dakite beharra adierazten, edo ez da behar hori ondo jasotzen. Komunikazio falta dago familia horiek lagundu ahal izateko. 

I. Zubizarreta. Hori garbi ikusten da etorkinekin. Eta askotan eskola izaten da haurra beste haurrekin eta gurasoak beste gurasoekin egoten diren eremu bakarra. Hori ona da, aprobetxa dezagun eskola pertsona horiek integratzeko. 

E. Galindez. Etorkinak nahiz arazoak dituzten gainerako familiak arazoak ezkutatzen ahalegintzen badira, benetako egoera ez da eskolara heltzen. Ez tutoreak, ez irakasleak, ez psikopedagogoak ez du jakingo nola lagundu. 

M. Uria. Hainbesteko errespetua zor diegu familiei, batzuetan ez dela beharrezkoa gertatzen den guztia jakitea. Gauzak konpontzeko lehen pausoa ez da beti diagnosia. Batzuetan ez dugu atzeko errepaso guztia egin behar, nahikoa da zer egin behar den, zer aldatu behar den adostea. Normala da familiek euren arazo guztiak ez azaltzea. Noren arazoak geratzen dira agerian? Ezkutatzen ez dakiten familienak: txiroenak, gizarte zerbitzuetara jotzen dutenak... 

Bestalde, etorkinekin gertatzen ari zaiguna baikorra da. Eskola askotan entzuten da "zein familia hurbilak, hemen ditugu egunero, zer egin behar duten galdetzen digute, nola lagundu behar diegun, nola lagundu behar diguten... Nahiko genuke hemengo familia batzuk jarrera horrekin etortzea!". 

L. M. Elizalde. Adostasun-ezadostasunaren inguruan jarraituz, guraso-eskola harreman horretan alde ahulena gurasoena da. Arazo baten aurrean nekez lortuko du familia batek tutorea kolokan jartzea, nekez agertuko dira bilera batean aztergai tutorearen zeregina eta akatsak. Etxeko ahuleziak eta mugak errazago agertuko dira. Era berean, gurasoek, kolektibo bezala, nekez planteatuko diote eskolari sakoneko aldaketarik. Etxeko lanen gaian adibidez: zenbait eskoletan, kalitatearen edo ez dakit zeren izenean, etxeko lan asko ematen dizkiete haurrei. Eta zigorra senideentzat da, aitak, amak edo senide nagusiak han egon beharko du, dezente presionatuta batzuetan, etxeko lan madarikatuak haurrarekin egiten. Baina ez zaie galdetzen horren inguruan, ez zaie proposamenik egiten. Kontrako bidean bai, galdetzen da, proposatzen da, aldatzen da... Harreman desorekatua da. Desadostasunen aurrean ez gaude berdin aita-ama bezala edo eskolako profesional bezala. Gurasoek zailagoa dute. Konfiantza eta komunikazio maila handia behar da gurasoek, eskola kolokan jarri gabe, kontraesanak azpimarratu ahal izateko. Oso eskola gutxi sartzen da joko horretan. 

M. Uria. Haurren adinak ere markatzen du gurasoen eta eskolaren arteko harreman hori. 

L. M. Elizalde. Urteak aurrera joan ahala harremana nolabait hondatzen doa, distantziak markatzen. Haurrak koskortzen ari dira, autonomoxeagoak dira... 

E. Galindez. Zailagoa da DBHn gurasoen partehartzea sustatzea. Lehen Hezkuntzan umeak benetan harro daude gurasoez, baina nerabezaroan zailagoa, gogorragoa da gurasoak eskolan ikustea. 

I. Zubizarreta. Eta hain justu arazo handienak hor daude, DBHn, nerabezaroan, eta orduan gurasoen parte-hartzeak sakonagoa izan beharko luke. 

M. Uria. Hori ikasle diren neurrian. Baina etxean ere, seme-alaba diren neurrian, kolokan jartzen dira etxeko partaidetza ereduak. Gurasoek ezin dituzte DBHko seme-alabak Haur Hezkuntzan zeudenean bezala tratatu. Lehengo batean Ikusgela saioan 12 urteko haurrak agertu ziren hizketan. Adin horretan oraindik ez dira oso nerabe, baina orduan tokatzen zaie institutura joatea. Bada, lehen hiruhilekoan denek esaten zuten "orain gutxiago zaintzen gaituzte". Bigarren hiruhilekoan dagoeneko askatasun hori ona dela deskubritzen dute. 

Duela urtebete pasatxo Ainhoa Arburua psikologoak honakoa zioen LARRUNen: "Eskolara bidaltzen ditugu haurrak, historia eta abar ikasten dute bertan, baina pertsonak izaten ez dute inon ikasten. Gurasoak, eskolaa... elkarlana behar da". Eskolak ez ote du indar handiegia jarri ezagutzen transmisioan, haurren heziketa integralaren kalterako? 
E. Galindez. Nire ustez adimen emozionala kontuan izaten da: autoestima bultzatzeko programak, droga menpekotasunaren prebentziorako programak, balioak zaintzen dira... Ez dut uste dena ahaztu denik, are gehiago, asko egiten dela esango nuke, eta gero eta gehiago. 

I. Zubizarreta. Hala da, alde handia dago, zentzu horretan, garai bateko eta gaurko eskolaren artean. Hain zuzen, horixe da askotan irakasleen kexa: "Ingurumenari buruz, sexualitateari buruz, osasunari buruz... jakin behar dugu eta magisteritza eskolan ez nuen horrelakorik ikasi". Hor birziklatze handia behar da. Baina, bestetik, esan behar da pertsonak izaten irakastea ez dela soilik eskolaren ardura. Familiak eta gizarte osoak ere erantzukizuna dute hor. Ez ote gara ari eskolari gehiegi eskatzen? 

L. M. Elizalde. LOGSEtik hasita azken urteetako erreformetan, irakasleen formazioan egin den ahalegin handiena hortik joan da. Ainhoa Arburuaren esaldi horri buelta emango nioke: nonahi eta noiznahi ari dira gure seme-alabak pertsona izaten ikasten, telebistaren aurrean, kalean, lagun artean... Mezu asko jasotzen dituzte eta batekin eta bestearekin bere puzzlea osatzen ari dira. Egia da tradizionalki, eta sinpleki esanda, eskolak instrukzioa izan duela zeregin nagusi eta heziketa etxekoen kontua zela. Orain kontrako bidera goaz; instrukzioa ez da eskolan lortzen soilik, informazio iturri aberats eta erakargarriak daudelako. Hor eremuaren zati bat galdu du, baina heziketan eremu bat irabazi. Trantsizio unean gaude. 

M. Uria. Pertsona izaten ikasteaz ari gara. Hezkuntzan zerbait planifikatzen denean esaten dugu pertsonak hainbat dimentsio antropologiko dituela, lau hain zuzen. Lau dimentsio horiek denon artean eraikitzen dira, elkarrekin bizitzen, toki guztietan... Esaldi batek dio ezinezkoa dela ez heztea. Lehen dimentsioa sinbolikoki burua izango litzateke, hau da, edukien ezagutza eta baita metodoa ere, ikasten ikastea. Hiru eremutan aplikatzen dugu dimentsio hau, beste hiru dimentsioak bezalaxe: neure buruari dagokionez, ingurune fisikoari dagokionez eta giza inguruneari, ingurune sozialari dagokionez. Horri norbaitek homo sapiens deitu zion. Nik mulier sapiens ere esango nuke. Bigarren eremua egiten jakitea izango litzateke, hau da, homo edo mulier faber, eta eskuek sinbolizatzen dute. Hirugarrena, egin nahi izatea, erabakia, litzateke, arimak sinbolizatzen du eta homo-mulier eticus esango genioke. Azkenik, laugarren dimentsioa sentsibilitatearena da, sentimenduarena, disfrutatzen ikastea, zoriontsu izatean ikastea; homo-mulier esteticus esango genioke eta bere sinboloa bihotza litzateke. Pentsa pertsonak zenbat dimentsio dituen! Eskolak eta familiak hau guztia ere, nahita edo nahi gabe, eraiki egiten du. Pertsona non hezten da, beraz? Toki guztietan. Noiz? Aldioro. 

L. M. Elizalde. Marisol entzuten nuen bitartean 15-18 urteko ikasleen irakasleak nituen gogoan. Ziur denek sinatuko luketela aipatu berri duzun curriculuma. Baina gauza bat da nahiko genukeen curriculuma eta beste bat ebaluatzen duguna. Dimentsio horietatik batxillerreko irakasleek zeini ematen diote lehentasuna ikasle batek ikasturtea gainditu edo errepikatu egin behar duen erabakitzerakoan? Agian zentzu horretan Ainhoa Arburuak badu arrazoirik. 

Gizarte honi haurrak, seme-alabak, gehiegi babestea egozten zaio. Irakasle batzuek kexu dira ikasle batekin arazo bat dutenean eta gurasoei deitzen dietenean, ezer baino lehen haurra defendatzen hasten direlako gurasoak. Permisiboegiak ote dira gurasoak haurrekin? Haur tiranoez ere hitz egiten da... 
E. Galindez. Guraso horiek defentsiban jartzen direnean zergatik da? "Nik goizean altxorra uzten dizuet hemen eta arratsaldean bere bila natorrenean arazo bat jasotzen dut" esan zuen ama batek hainbat guraso eta irakasleri partaidetzari buruz galdetu genienean. Bakoitzak bere ikuspuntua du eta ulertu behar dugu haurra gurasoen seme edo alaba dela eta irakasleen ikaslea. Sentimendu horiek badaude eta guztiz ezberdinak dira gurasoen edo irakasleen ahotik. 

I. Zubizarreta. Askotan etxean egiten ez duguna eskatzen diogu eskolari. Irakasleari autoritatea, arauak finkatuta edukitzea... eskatzen diogu, baina gero gure etxean ez da hori gertatzen. Dena den, ez dut uste orokorra denik. Egoa oso puztuta duten haurrak daude eta zigortuz gero diote "nire aita etorriko da eta berehala kenduko du zigor hori". Etxean ez gara kapaz horri aurre egiteko, baina eskolari eskatzen diogu. Kontraesan hori dago. Gogor jartzea gauza delikatua da eta nik badakit nire seme edo alabari zigorra jartzea niretzako ere zigorra dela. Nonbaitera joango ez dela esaten badiote haurrari, gurasoak ere ez dira joango eta agian gustura joango lirateke. Biak daude zigortuta azkenean. Familia batzuek ez dute hori egiten, nahiago dute etxean libre ibiltzea, baina eskolan ondo lotuta. 

L. M. Elizalde. Urri dena eta altxor kontsideratzen duguna beti da preziatua. Eta altxorra izatetik hiperbabestua izatera ez dago saltorik. Eta hori ez dakit aurreiritzia den, baina irakasleen pertzepzioa bada. Orain dela guti ikerketa bat egin genuen irakasleen profesionaltasunaz, azken urteetan izandako aldaketez, nola bizi dituzten aldaketak, irakasle izate hori zertan den... Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleekin aritu ginen eta gehiegizko babesarena galdetu gabe agertzen zen. Haur Hezkuntzakoek ikusten dute bereziki, harreman oso zuzena dute-eta gurasoekin. Irakasleek utzikeria antzematen dute askotan mugak jartzerakoan, ezezkoa ematerakoan... Haurrak ez du ezezkoa onartzen askotan. Bakarra da etxean eta hiperbabes giro horretan, altxor izate giro horretan, izarra da. Sinple hitz egitea da, baina aita eta ama lanean ari badira, denbora gutxi pasatzen badute berekin eta denbora gutxi horretan ezetz esan behar badiote, hori ekidin egiten da. Itxuraz errazagoa eta erosoagoa da eta azkenean tirano txikiak sortzen dira. Badirudi profil hori lehen baino gehiago ikusten dela. Segur aski gehiago dira mugak ikasi dituztenak, ezezkoa jaso dutenak eta ondo hezita datozenak, eta eskolak jarraitu besterik ez du egiten. Hainbeste lan ematen dute gutxi horiek akaso irakasleen partetik kexa hori badela. Sumatzen badute, sentitzen badute, zerbait gertatzen da, bestela ez lukete esango. 

Autoritatea galdu dutela diote irakasleek. 
L. M. Elizalde. Garai batean hori bazuten nonbait, baina uste dut autoritas hori edozein pertsona helduk bazuela. Kalean zeundela zuk esan zenezakeen zerbait, "aizu, zer egiten ari zara?", zure presentzia hutsa aski zen gaiztakeria hura saihesteko. Heldu gehienok galdu dugu autoritas hori, inork ezin dio deus esan ume mukizu bati. Gauza bera gertatu da irakasleekin, kontua da gure kasuan nabarmenagoa dela. Egunero kudeatu behar duzu koadrila bat, gela osoa, ez duzu kudeatu behar kalean gertatzen den anekdota bat. Autoritas hori gestionatzen dakien tutore asko dago, baina bakarren batzuk ez dute baliabide profesionalik, ez dute gaitasunik, ez dute nortasunik eta gainezka sentitzen dira batzuetan. Haurrek berehala igartzen dituzte irakasle hauek eskoletan. 

I. Zubizarreta. Geroz eta gazteagoek gainera. Lehen 14-15 urtekoekin zeuden arazoak, baina irakasleek esaten dute geroz eta gazteagoak direla etxetik oso okertuta datozenak. 

M. Uria. Ez dira kasu solteak, fenomeno bat da. Bai familiak, bai eskolak, bai gizarteak hau fenomeno bezala bizi du. Nik neronek informazioaren gizartearekin eta kontsumoaren gizartearekin lotzen dut, non ezetz esatea izan daitekeen denbora ez daukagulako eta denbora bai dela altxorra! Behar denean ezetz esateak eta frustrazioa sortzeak helduok ere gaizki uzten gaitu. Eta guk ez dugu gaizki egon nahi, geure buruarekin ere permisiboak gara. Atentzioa eman digu gurasoak seme-alaben kontra denuntziak jartzen hasi direla. Eta seme horiek adin txikikoak dira. Alegia, autoritas hori etxean ere galdu da eta 14 urteak baino lehenago, eta maila soziokultural guztietan. Helduak berak galdu du autoritas, galarazi zaiolako, baina baita galdu dugulako ere, uko egin diogulako; etxe batzuetan seme-alabak hasi dira agintzen, mutikoak bereziki. Hori generoarekin lotu dezakegu eta beste fenomeno batzuekin, non egunero dugun kasuren bat. Badaukat lagun bat irakaslea dena, gatazken ebazpenean oso trebatua eta ikaragarrizko errespetua diote ikasleek. Txiki-txikia da, emakumea da, alabaina bere autoritas segituan ulertzen dute. Bere hipotesia da helduok gure gizartean, uko egin diogula gure nerabeekin gatazkak izateari, liskarrak edukitzeari. Txikiak direnean ezetz esatea zaila den moduan, handiak direnean argumentazioa eta etengabeko elkarrizketa izatea zaila da, baina ezinbestekoa, asko hitz egin behar da beraiekin. Ume azkarrak ditugu, hizkuntza asko dakizkite eta gure argudiatzeko modua zein den badakite. Beraien ikuspuntua da, umeak direlako, baina agertu behar zaie gauzak aztertzeko modu asko dagoela eta gaiei eta gauzei heltzeko prozedura asko. Ez badute praktikatzen, beste praktika batzuk bakarrik jarriko dituzte martxan eta praktika horiek bedeinkatuta daude telebistan. Umeek telebista asko ikusten dute, pelikulak, telesailak ikusten dituzte, agian Ikusgela ez dute ikusiko, baina bai bestelakoak. Bertako balioak bedeinkatuta daude publikoki agertzean, beraiek hori ikas dezakete behintzat. Drogarekin loturak agertzen direnean, nerabeen transgresioak agertzen direnean, helduak hor egon behar du etapa hori bizitzen laguntzeko. Eta askotan «honaino ailegatu gara» esan behar izaten da. 

I. Zubizarreta. Oso neketsua da hori. Denbora behar da eta gaur egun denbora falta daukagu. 

M. Uria. Denbora daukagunean eta elkarrekin gaudenean, ordea, nola erabiltzen dugu denbora hori? Asteburuan etxean elkarrekin gaudenean, bat egongelan dago telebista ikusten, bestea beste gela batean, bestea ez dakit non... eta eskubidea dago hori egiteko, baina kontziente izan gaitezen denbora falta izaten dugula batzuetan eta besteetan denbora ez den beste zerbait falta zaigula. Asteburuetako denbora faltaren arrazoia ez da lana. 

I. Zubizarreta. Asteburuan lasaitasuna nahi dugu eta 14-15 urteko seme-alabarekin eztabaidatzen hasten bagara lasaitasunik ez dago. Arma asko behar dira beraiekin eztabaidatzeko eta gauzak bere lekuan jartzeko, diskurtso garatua behar da. 

M. Uria. Galdera asko egin behar dira, gauzak nola doazkien galdetu eta abar. Eta lana da. 

E. Galindez. Denbora falta hori dagoenez, dugun denbora gutxi hori kalitate oneko hezkuntzarako izan dadila lortu behar dugu. Zaila da, nekatuta heltzen gara eta gainera kalitatea behar etxean ere. Autoritatearen gaia partaidetzarekin lotu nahi nuke. Lehen irakasleak autoritatea zuen eta inork ez zion ezer zalantzan jartzen. Parte-hartzearen atea irekitzerakoan, gurasoek ere hitza dute eta horrekin batera zailtasuna dator, kontraesanak, zalantzak sortzen dira... Gauza horiek guztiak hitz egin behar dira eta hori lehen ez zegoen, "askoz errazagoa" zen. 

I. Zubizarreta. Askotan gurasoek geure eredua daukagu, gure garaietan irakaslea autoritate nagusia zen eta familia eskolara hurbiltzen bazen ordaintzera zihoan edo arazoren bat izan zelako. Irakasleak zuen beti arrazoia. Eta zerbait gertatu bazen, zer gertatu zen galdetu aurretik zaplaztekoa ematen zitzaion haurrari. Askotan irudi hori dugu gurasoek eta ez dugu hori nahi gure seme-alabentzat eta beste muturrera joan gara. 

M. Uria. Nik adibidez ez dut eredu hori ezagutu. 

I. Zubizarreta. Nik fraideekin ikasi nuen. 

M. Uria. Orain eskoletan hezten ari garen belaunaldia hemendik hamar urtera guraso izango da. 

L. M. Elizalde. Gaur egungo maisu eta maistren batez besteko adina 50 urte ingurukoa da. 

M. Uria. 47 eta erdi. 

L. M. Elizalde. Batez beste. Jende horrek ezagutu duen eskola ukatu nahi izan dugun eredua da hain zuzen, autoritarioa, inposatzailea, argumentatzen ez duena.. Horren ondoan beste muturrera jo ote dugun ez dakit, baina segur aski hura ez genuen gustuko. Nahita utzi dugu, ez dugu erabili nahi izan gurekin erabili zen moduan. Generazio bera gara etxean eta eskolan, eta aurkitu gara ipurdia agerian dugula. 

I. Zubizarreta. Gure gurasoen eredua ere zein zen? Ez gintuzten jotzen, baina aitaren hitza aitarena zen eta hor bukatzen zen kontua. 

M. Uria. Eta aita ez zen etxean denbora gehiegi egoten. 

I. Zubizarreta. Ez, baina mahaia jartzeko bera zen beti lehenengoa eta ogia zerbitzatzeko... Nik ez dut hori nahi nire seme-alabentzat, baina zer nahi dut? Justu kontrakoa? Hori ere ez. Oreka bilatzea oso zaila da. 

E. Galindez. Parte hartzerako hainbat oztopo jarri ditugu mahai gainean. Bata gurasoek daukaten bizipena, eskolarekin izan duten harremana, eta bestea orain bakoitzak zuen modura aipatu duzuena, irakasleak berak inplikazioaren inguruan duen pentsaera eta hori sustatzeko egingo duena eta bere nahia. Horiek dira komunikazioa bultzatzeko bi alde garrantzitsuak, familiaren testuingurutik eta eskolaren testuingurutik. 

M. Uria. Garena garelako eta heziketa bat izan dugulako egiten ditugu gauzak. Hezkuntza Sailean 1992tik formazio programa serioak jarri dira martxan. EHUrekin eta Berritzeguneekin batera prestakuntza proiektuak garatu ditugu, gizarte moderno baten hezkuntzaren lan ardatzak zein ziren jakinik: elkarbizitza; giza trebetasunak; ume guztiak (neskak eta mutikoak, elbarrituak direnak eta ez direnak, pobreak eta aberatsak) eskola berean egotea... Balio aldetik apustua egin da eta alde horretatik oso aurrerakoia da dugun eredua. Gero, praktikan, bakoitzak ahal duena egiten du eta asko ahal dugu. Irakasleak ez dira unibertsitatean jasotako formazioa besterik ez duten pertsonak, lan-taldeak osatzen dituzte zer gertatzen den aztertzeko. Unibertsitateetan eta enpresetan erabiltzen den metodologia bat lantzen dute: Hau konpondu nahi dugu? Zer pauso eman behar ditugu? Zer egiteko prest gaude? Ez zaio kanpoko norbaiti eskatzen konpontzeko, laguntzeko baizik. Euskal Herriko eskola guztiek halako bi, hiru, lau proiektu dituzte martxan. Eskola bizirik dago eta eskola eta profesionalak lanean ari dira egunero gertatzen diren gauzak konpontzeko. Kasu askotan gurasoekin batera. Guraso elkarteek ere trebakuntza programa bat eskaintzen diote eskolari, guraso eskolak, eta oso gai interesgarriak aztertzen dituzte. Partaidetzarako bide bat dira. Guraso eskoletan formula anitz erabiltzen dira, batzuetan hitzaldiak izaten dira, beste batzuetan ikastaroak, elkarrizketak... 

I. Zubizarreta. Hitzaldiak geroz eta gutxiago dira. Gehienetan gai bat hartzen da eta gurasoen artean lantzen da 6-7 saiotan; mintegiak egiten dira. 

M. Uria. Mintegi batean izena ematen duten gurasoek konpromiso handia dute. Eskola batean 500 aita-ama badira, agian 50ek hartzen dute parte honelako saioetan eta ez dago gaizki. Agian asanbladara gutxiago joaten dira, guraso eskoletara eta gelako bileretara baino. 

L. M. Elizalde. Lehen Marisolek aipatu dituen sare informal horietan behin baino gehiagotan aurkitu ditut erantzunak. Zuk zer esan diozu zure semeari? Zein ordutan bueltatuko da etxera? Behin baino gehiagotan aurkitu dut parkean erantzuna aita bezala, argudiatzeko modu bat edo jokamolde koherente bat akaso nirea ez dena edo nik ez dudan ausardia duena. 

E. Galindez. Guraso eskola naturalak dira. Halako guneetan gurasoek gehiago ikasteko aukera dute; izan ere, guraso batzuek besteen esperientzietatik ikasi dezakete. 

Bullingaz hitz egiten da gero eta gehiago. Haur eta gazteen arteko arazoak handitu dira ala komunikabideek gehiago hitz egiten dute horretaz? Zein da zuen inpresioa? Nola jokatu behar da halakoen aurrean? 
E. Galindez. Ni ikasle nintzenean ez zen bulling hitza erabiltzen, baina bullinga bazegoen. Nik ez dut datu zehatzik, nire iritzia besterik ez da. Komunikabideek sentsibilizazioa landu dute eta beharrezkoa da, baina lehen ere bazegoen. Neska eta mutilen arteko burlak, gona altxatzeak, harriak botatzeak... 

I. Zubizarreta. Arazoa agian ez da berdina izango, baina bai antzekoa. Lehen ere bazegoen. Komunikabideetan agertu da, baina ez du trataera egokia izan. Batzuetan morbo apur batekin atera dute gaia. Baina gaia landu dute eta guraso formakuntzan asko igarri da hori. Hondarribian, adibidez, iaz 300 guraso izan ziren guraso eskoletan gai honi buruz hitz egiteko. Gauza serioak dira gurasoentzat. Garrantzitsua da aurre egitea arazo honi eskoletan, familian eta hezkuntzan oro har. Zaila da konpontzea baina beharrezkoa da ahalegina egitea. 

L. M. Elizalde. Segur aski bazegoen, denok bizi izan dugu, beraz, bazegoen. Orain sentsibilitate gehixeago dugu eta sentsibilitate gehiago dugunez, gehiago hitz egiten da horretaz. Eta prentsan asko agertu denez, gehiago. Horregatik, eskari handia dago. Orain dela bi urte segur aski gai honi buruz hitzaldi bat eskaini nahi bazenuen eskola batean, ez zen eskari handia izango. Orain, aldiz, hurbildu gabe deitzen dizute. Hori ere hala da eta hori berez ez da txarra. Sentsibilitate gehiago dagoenez, ikastetxe batek baino gehiagok protokolo moduko bidexkak antolatu ditu horrelako kasuen aurrean zer egin jakiteko, aurre hartu ahal bada aurre hartzeko eta eskutik ihes egin ez dezan. Dena den, orain badaukagu arrisku bat: dena bulling izatea. Ez da harritzekoa jendeak ez jakitea bulling zer den eta zer ez den, eta uste dut norbaitek egin beharko lukeela lan dibulgatzaile hori. Bullinga gertatzen denean, bi mutur gaixo ditugu: erasotzaileak eta jazarpena sufritzen dutenak. Biak dira gaixoak. Gertatzen denean babesgabetasun egoera oso larrian gertatzen da, eta aipatzen genituen sentsibilizazio testuinguru horietan nekez gertatu daiteke, antzematen ditugulako. Bullinga benetan gertatzeko beste testuinguru hori behar da eta eskolaz gain gertatzen da, eskola inguruetan, helduen presentziatik urrunxeago... Ez nuke lotuko bullinga eta eskola, nik uste beste zerbait dela. 

I. Zubizarreta. Askotan eskolaren esparruan gertatzen da baina oso toki konkretuan, ezkutuan. 

M. Uria. Gizarte modernoetan, elkarri zaintzeko beharra ageriago gelditzen da. Lehen autoritatearen galeraz hitz egin dugu, baina beste fenomeno batzuk azaltzen ari dira: emakume bat hiltzen dute egunero eta gizonezko bat erortzen da egunero aldamiotik behera. Ez ditugu tratu onak bereziki zaintzen. Komunikabideei praktika onak ere kontatzeko eskatzen diegu, gehienak onak direlako. Hondarribiako kasua gertatu zeneko urtean proiektu asko genituen elkarbizitzaren gainean. Sentsibilizazio giro horretan, jendea konturatzen da gizarte modernoan bizitzea zaila dela, bakartuago gaudelako, behar gehiago dugulako, helduak ez daudelako... Haurrek geroz eta denbora gehiago pasatzen dute etxetik kanpo, eta eskoletan ere zerbitzuen erabilera asko areagotu da: jangelak, goizeko gelak, eskolaz kanpoko jarduerak... Egun osoan etxetik kanpo egotearen eredua familiaren erabakia, beharra da. Eskolak halabeharrez jarri ditu zerbitzu horiek, ez hori egin behar duela sinesten duelako, familien beharrei erantzuna emateko baizik. 

Finlandiako eskolak asko gustatzen zaizkigu, hango gurasoek asko parte hartzen baitute eskolan; umea non dagoen, norekin dagoen, zertan ari den eta nor den denek dakite, komunitate horretan giza babesa handia da. Gizarte batean familia eta eskola erakunde nagusiak dira, baina auzo bizitza, gizarte mailako zerbitzuak, formalak eta ez formalak, denbora librekoak eta besteak... oso garrantzitsuak dira. Hemen gizarte aberatsa daukagu, herri txikia gara, lotura ikaragarriak dauzkagu eta ez luke inork bakar-bakarrik egon behar eta eskerrak ez dagoela ia-ia inor. Baina egia da bakarrik dauden pertsonak daudela. Eskoletan lantzen den gida elkarbizitza positiboa lantzeko gida da. Hori duela urte asko abiatutako elkarbizitza lantzeko programa batean oinarritzen da. Gauzak konpontzeko, beti testuinguru zabaletara jo nahi dugu, sentsibilizazioa lortzera, jendea jabetu dadin. Gu kontziente gara arazo larri gehiago izan ez bada, irakasleek antena afektiboak dituztelako dela. Sentsibilizazio maila landu behar da eta badirudi eskolak aukera gehiago dituela hori egiteko, jendea zaintzeko. Zeren zaindu egiten du jendeak elkar. Elkar zaintzearena gure gizartean landu beharreko ideia da, ez bakarrik eskola barruan. Auzoetan eta familietan ere bai. Familiak arriskuan daudenean, babes hori lortzea zaila da. Zeinek emango dio familia bati babesa? Familia heldua da, ez dago erakunde makrorik zaintzen duena. Umeak ondo tratatzeak ez du esan nahi umea estutasun guztietatik atera behar dugunik. Permisibitateak frustrazio ahalmen txiki xamarra sortzen du eta hori ere gaitza da gure gizartean. Bizitzan, hazteko, estualdi handiak pasa behar dira, eremu askotan, eta beti ihesi baldin bazabiltza ez zaizu inoiz ezer gertatzen eta gertatzen zaizunean goitik behera erortzeko arriskua duzu. Frustrazioa gainditzen ikasteko, frustrazioak izan behar dira. Hori bai, norbait behar duzu ondoan gertatutakoa aztertzeko, «hau honegatik gertatu da eta oso gaizki sentitzen zara» esateko. Sentimenduen heziketa hori oso baliotsua da. 

Gizarteak itxaropen gehiegi jartzen al du hezkuntzan? Sexismoa gainditzeko, droga menpekotasunak ez izateko... hezkuntza omen da bidea. 
E. Galindez. Imanolek lehen esan du ea ez ote diogun eskolari larregi eskatzen. Nire ustez eskolak bere eginbeharra betetzen badu, hobe. Ez da dena bere esku utzi behar, baina bere ahalegina eta laguntza oso da eskertzekoa. Baina ezin dugu ahaztu familiak bere egitekoa duela eta gizarteak berak ere bai. Droga menpekotasunen prebentzioan zerbait egiten badu primeran, sexismoa gainditzeko lan egiten badu are hobeto... baina ezin du denarekin. 

I. Zubizarreta. Ez da hezkuntzaren lana bakarrik. Denona da. Azkenean eskolak baliabide batzuk ditu, baina dena ez du berak egin behar. Familia, gizartea, komunikabideak, eskola... bakoitzak bere neurrian egin behar du lan. Eskolan 5 ordu egoten dira ikasleak, jangelan edo eskolaz kanpoko jardueretan beste lauzpabost eta beste lauzpabost telebista aurrean. Oso zaila da eskolan eta familian balio batzuk lantzea, gero telebista aurrean daudenean -bakarrik egoten dira gainera, hori da arazoa- bestelakoak ikusten badituzte. Eskolak ezin dio denari heldu. Bide heziketa lantzen badute baina gero ikusten badute gurasoek gidatzerakoan ez dituztela zebra bideak errespetatzen, bi mezu kontrajarri jasotzen dituzte. Azken batean eskolan ikasten dena eta gizartean ikusten dena ez bada berdina alferrik gabiltza. 

L. M. Elizalde. Bide heziketa eskolan egingo dugu, eta osasun heziketa eta kontsumorako heziketa eta sexismoaren aurkakoa... esaten denean, eskolaren lehen erreakzioa izan daiteke, bai, hau gure zeregina da eta horrela hartzen du, ekimenak jartzen ditu martxan. Eskolako profesionalek badakite euren eragina norainokoa den, badakite mugatua dela eta kanpoan itxaropen oso handia dagoela sumatzen dutenean etsigarria da. 

Hezkuntza zentzu zabalean hartzen badugu, harengan esperantza izatea ez da txarra. Zaintzen badugu, halakoxe ondorioak izango ditugu eta handik aurrera, denok arduratuko ginateke: kirol klubak, ludotekak, gurasoak, kaletik doan heldua, eskolako profesionalak eta profesional ez direnak, monitoreak eta garraioko arduradunak... Denek hartuko genuke kontzientzia puntu hori. "Educa la tribu" esan ohi da, denak gara norbait, denek dugu zer eragin eta denon kontua da. Eskolak sortu arte hori izan da egon den hezkuntza, eskolak azken mendeko asmakizuna dira. Heziketa denon kontua izan da beti. 

Kontsumoa eta osasuna aipatu dira lehen. Haur baten urtebetetzea egokitzen denean familia eta eskolaren arteko lankidetzarako aukera polita sortzen da, zuk aukera baduzu tutore bezala gurasoekin horretaz hitz egiteko, baduzu kolaboraziorako eremu bat. Gurasoek eta tutoreak horretaz hitz egin eta bizpahiru arau oinarrizko finkatzen badituzte akaso urtebetetzeak oso ondo ospatu daitezke kontsumistak izan gabe eta litxarreriatan ibili gabe. Eskolak eta gurasoek urtebetetzeak bezalako aukera asko dute elkarrekin hezteko. 

M. Uria. Hezkuntzak haurra hezten du eta eskolak ikaslea. Denak gara bizitzaren ikasleak, baina umea ez da ikasle denbora guztian. Eskola gauza bat da eta hezkuntza, heziketa, beste bat. Gizarte honek eskolari egiten dio eskakizuna, eskola denon begi bistan dagoelako, erakunde bat delako, ez delako pertsona bat, eta norbaiti eskatzen dio eta abstrakzio mailan geure buruari eskatzen diogu. Hori eskatzeak badu esanahi bat, kontziente garela lehen aipatutako sei-zazpi ardatz horiek klabeak direla: kontsumorako hezkuntza, berdintasuna, kulturartekotasuna, hezkuntza afektibo-sexuala, osasuna, elkarbizitza, bakea... Eskolan lan egiteko bi modu ditugu: harremana eta curriculuma, irakasgaiak. Zaila da eskolan dugun denboran aipatutako klabe hauek irakasgai bihurtzea. Ondo dabiltzan eskolek zer egiten dute? Espresuki irakasgaietan landu beharrean, irakasgaiaren bidez lortu beharreko helburu bezala lantzen dituzte eta kontuan hartzen dituzte gaiak landu nahi dituztenean, unitate didaktikoak osatzerakoan, proiektuak egiterakoan, irteeretan. Bestalde, gaiak lantzerakoan, gai horiek norberaren bizitzan duten eragina aztertuko dugu. Harremanetan ere zerbait gertatzen denean, hor aterako dira gure balioak eta kontzienteki landuko ditugu. Gai horiek izendatzea, helburu bezala formulatuak egotea eta ikasleekin gai horiei buruz hitz egiteko aukera izatea da daukagun formularik egokiena eta bideragarriena. 

Denboraren kontzeptua eskolatik kanpo eta eskola bertatik oso ezberdina da. Familiek eskolan parte hartzen dutenean eta jabetzen direnean zer egiten duten haurrek eskolan, gelara joan direlako, proposamenak beste klabe batzuetan egiten hasten dira. Aita dentista batek, adibidez, esango du ea arratsalde batean joan daitekeen klasera eta esplikatuko dien nola egiten den hortz garbiketa. 

L. M. Elizalde. Akaso kanpotik ez dira jabetzen eskolako profesionalek badituztela bideak momentua bilatzeko, irakasgai baten barruan edo kanpoan. Eskolako patioaren erabilera matxista adibidez. Arrunta da mutil zaharrenek futbolean erabiltzea eremu handiena eta bazterretan soka saltoan edo beste zerbaitean txikiak eta neskak egotea. Askotan eskoletan mutil eta neskak, zorionez, ez dira horrekin konforme. Badakite kexatu daitezkeela eta badakite hori ez dela bidezkoa eta ez dute ontzat ematen. Kontziente dira beren eskubideez, beraiekin heziketa lan txukuna egin delako eta horrexegatik egiten dute protesta. Izan daiteke bilera bat, edo pankarta bat jartzea edo asanblada bat egitea. Eta agian jolastoki horren erabilera kudeatuko dute, txandaka edo. Irtenbide bat autogestionatuko dute, hartaz klase bat antolatu gabe. 

M. Uria. Hor arrisku bat dago. Kanpoko erakundeek eta Hezkuntza Sailak berak ere zailtasunak izaten ditugu, programen emaitzak ebaluatzeko. Eskola bizirik dago eta bertako bizitza ezin da islatu. Froga dezakegu irakasleek halako gauzak antolatu dituztela, baina zaila zaigu ikasleek halako ikasi dutela, pertsona onak direla frogatzea. Agian gauza bat momentu batean ikasten duzu eta bi urte barru jabetzen zara benetan. Notek frogatzen al dute pertsona onak hezten ari garela? Ez notek bakarrik. 

L. M. Elizalde. PISA bezalako ebaluaketa txostenek jasotzen al dute egiten den lan aberasgarri guztia? Nekez, neurri batean bai, baina txikian.

M. Uria. Aurten adibidez 14-15 urteko ikasleek zer ikasi duten neurtuko da PISAren bitartez. Egia da PISAk erabiltzen dituen frogak oso aberatsak direla, hausnarketa eta logika neurtzen dute, baina beste eremu hauek ezin dira frogetan neurtu. 

L. M. Elizalde. Oso interesgarriak dira konparaketa horiek eta zure neurria ematen dizute. Hemengo emaitzak normalean nahiko txukunak izan dira eta autoestimurako ez da txarra. Tutoreek egiten duten sakoneko lan aberats hori nekez islatzen da ordea. 

M. Uria. Gai horiek guraso elkarteetan aztertzen dira. 

I. Zubizarreta. Azken finean gurasoek noten bitartez ebaluatzen dituzte seme-alaben ikasketak. 

M. Uria. LOGSEk gako interesgarriak ekarri zituen. Nahiz eta erosoa ez izan, aurrerapen ikaragarria da haurrak 16 urtera arte eskolan egotea. Bestelako eremu hauei buruz ere hausnarketa bultzatu zuen eta nahiz eta ez erabat txertatuta egon, irakasleok esaten genuen kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak irakatsi behar genituela. Ez bakarrik zer irakatsi, baizik eta nola eta zein baliopean. Arrisku batzuk ere baditugu, familietan. Denon onura nahi izan beharrean lehiakortasuna sustatzen dute, esaterako. Ikasi daiteke ere denok aurrera eginez, inor bazterrean utzi gabe. Gure sistema sanoa dela uste dugu, baina arrisku batzuk baditugu. Ezagutzaren gizartea eta informazioaren gizartea ere ba omen dira arriskuaren gizartea, eta bertan modu orekatuan bizitzen ikastea dugu etorkizuneko helburu. 
Mahaikideak
Luis Mari Elizalde, EHUko Irakasle Eskolako irakaslea 
Beran (Nafarroa) jaio zen 1959an eta egun Donostia du bizitoki. Bi seme-alaben aita da. Pedagogia ikasketak burutu zituen Deustuko Unibertsitatean eta gero doktoradutza. Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostiako Campusean, Magisteritza Fakultateko irakasle da eta Gipuzkoako Campuseko Euskara eta Irakaskuntza Planifikazioko zuzendari. 

Edurne Galindez, Psikologia irakaslea 
Gasteizen jaio zen 1974an eta egun Aramaion bizi da. Psikologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun Mondragon Unibertsitatean irakasle da, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI), Eskoriatzan. AEFFA-ko (Asociación para el Estudio del Funcionamiento Familiar) kide da. Hainbat ikerlan burutu eta hainbat artikulu idatzi du haurren hezkuntza eta familiaren inguruan. Familia y entorno. Implicación de la familia en la organización escolar liburuan parte hartu du, besteak beste. 

Marisol Uria, Hezkuntza Saileko Berrikuntza Pedagogikoko Gipuzkoako arduraduna 
1962an jaioa, Tolosan. Bi alabaren ama da eta Donostian bizi da. Donostiako Irakasle Eskolan ikasketak egina, Pedagogia eta Soziologia ikasi zituen geroago. Nafarroako Doneztebeko eta Lesakako eskoletan aritu ondoren, Donostiako Pedagogi Aholkularitzategian, aholkulari eta gero zuzendari izan zen eta Donostiako Berritzeguneko zuzendari 2001 arte. Hezkuntza Saileko Berrikuntza Pedagogikoko Gipuzkoako arduraduna da 2004tik. 

Imanol Zubizarreta, EHIGEko lehendakaria 
1958an Eskoriatzan jaioa, Zarautzen bizi da egun. Bi seme-alaba ditu. Enpresa Zientziak ikasi zituen eta egun Baikara federazioaren koordinatzaile lanetan dihardu. Zortzi urtez zinegotzi izan zen Eskoriatzako Udalean eta 84an Eskoriatzako Telesko Euskal Herriko lehen herri telebistaren sorreran parte hartu zuen. 1991n herri eskolako Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordean hasi zen. 1999tik 2005era Baikara Gipuzkoako Gurasoen Federazioaren lehendakaria izan da eta 2004tik aurrera EHIGErena. 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

ENSEÑARLES A SABER GANAR Y PERDER.

SIEMPRE SON L@S HIJ@S DE L@S DEMÁS

ENSEÑA A L@S NIÑ@S EL VALOR DE LAS COSAS, NO EL PRECIO